berriakEmakumeak izan ziren atzoko Sorgin Gauean protagonista nagusi eta
herritar ugari hurbildu zen Monterron parkera ikuskizunaz gozatzera.
Emanaldi ikusgarria izan zen eta argiztapen bereziak girotuta, ipuinak, akrobazia eta musika izan ziren festarako osagaia. Emakume Txokoaren kurtsoa amaituz doanez,
urtean zehar egiten duten lana herritarrekin banatu gura izan zuten
atzokoan eta emanaldi atsegin bat eskaini zioten publikoari.
Emakume Txokoko irrintzi ikastaroko neskek erakustaldi aparta egin zuten taularen gainean, gauaren isiltasunean irrintziak ozen entzunaraziz. Bestalde, Batukada Feministak erritmo bizi eta alaiekin osatu zuen Sorgin Gaua eta akrobatek, aho zabalik utzi zituzten ikusleak. Misterioaren ukitua, ostera, ipuin kontalariak eman zion ikuskizunari, musikarekin lagunduta.
Jende ugari bertaratu zen Sorgin Gauera interesez eta esan moduan, emanaldi ikusgarri eta atseginaz gozatu zuten. Emakumeak izan ziren protagonista nagusiak eszenatokiaren gainean eta antolatzaile, artista zein publikoak txaloka eta pozik amaitu zuten gaua.