Ez gara inorenak gure gorputza gurea da

Content on this page requires a newer version of Adobe Flash Player.

Get Adobe Flash player

GOOGLE BILATZAILEA


berriak
E-28: LESBIANA NAIZ ETA HARRO NAGO!
Data: 26/06/2012
Ekainaren 28ren karira, Bilgune Fmeinistaren irakurketa doakizue: euskaraz eta gazteleraz.
argazkia berriak
Sexualitatea aske bizitzeak, sexualitate eredu hegemonikoaren aurrean arau haustea suposatzen du. “Lesbiana naiz eta harro nago” diot lagun artean, baina baita ere, tabernan, herriko plazan, kalean edota ikastetxean. Lesbiana gisa jarduteak emakumeoi txikitatik ikastetxean, etxean, pulpitutik, telebistan irakatsi nahi izan dizkiguten guztiarekin haustea dakar: emakume onak; amak, gizonaren plazeraren iturri, zintzoa, finak, familia eredu tradizionalaren sustatzaileak, erromantikoak, ezkonduak.

1525.urtean zegoen emakume onaren irudi berdintsua lehenesten da egun ere: gaztea, isila, ezkondua… eta gaiztoa aldiz, zaharra, alarguna, askea, saltsera… sorgin ehizaren biktima asko azken hauek izan ziren. Eta gaurkoan, sorgin ehizarik aurreikusten ez dugun arren, parez-pare ditugu boteredun kontserbadore ultra eskuindarrak, sexualitate eredu androzentriko heretosexual tradizionaletik kanpo kokatzen den, garen ororen aurka joaz: espainiako gobernuan batzuk; dekretuen bidez jendartean ematen ari diren aldaketa sozialak, sexualitatea bizitzeko moduei dagozkionak ere, ezkutarazteko eta ukatzeko dekretuak egiten: euren telebistetan bizitzak markatzen duten norabide, ibilbidetik ateratzen den oro gutxiesten.

Krisi ekonomiko eta sozialaren aurrean, balore batzuen (elkartasuna, adeitasuna, askatasuna) krisia sustatzen ari dira botere-gune politikoetatik eta hauen esku dauden bitarteko guztien bidez (adibidez, hezkuntzan ideologizazio eskuindarra),  balore diskriminatzaileak sustatzeko doktrinamendua martxan jartzen ari dira. Eta egoera honen aurrean, lesbianok egoera zaurgarriago batean egon gaitezkeela aurreikusten dugu.

Baina zailtasunak-zailtasun, gure sexualitatea askatasunez bizitzeko hautua egiten dugunok, harro gaude! Zergatik? Sistema patriarkal heterosexistak dituen horma zurrunetan, txirrikituak aurkitzen jarraitzen dugulako, gure praktika sexualak aztertu eta sexualitatea eredu berrietara jotzeko apustua egin dugulako, bizitzeko era indibidualak kolektibizatu ditugulako, horretan dago gakoa. Sexualitateari, plazerari, dimentsio politikoa emateko saiakera erabatekoa izan dadin segi behar dugu. Sexualitate eredu hegemonikoaren aurrean, arauen barnean sartzen ez ditugun praktikak iraultzarekin lotzen ditugu, horregatik gaude harro! Ez ditugulako praktika lesbianak arauaren barnean sartu nahi, araua bera deslegitimatu, praktika aniztasuna errealitatea bat dela ohartarazi eta denak erdigunean gaudela aldarrikatzen jarraituko dugu.

Instituzio patriarkalentzat, baina jendartean oro har, pertsonok hartzen ditugun erabakiak ez dira berdin ikusarazten eta ez dituzte epai sozial berdinak: bereizkeriak daude. Ez da berdina gay exekutibo bat izatea edo etxeko langile lesbiana bat, edo sexu langile transexuala. Lesbiana izatea zailtasunez betetako aukera dela gogorazi nahi dugu: oraindik orain, jendarteak epaitzen zaituelako, etxean zein kalean, ama izatea baldintzatzen dizutelako, sortu nahi duzun familia eraketa mugarazten dizutelako, kalean erasotzen zaituztelako. Eta transexuala izatean zailtasunak areagotzen zaizkigu; jaiotzen garen gorputzaren arabera ezartzen dizkiguten sexu kategoriek norberaren baitan sortzen dituen presio psikologikoez gain, presio sozial, moral eta instituzional izugarriak jasan behar baititugu.
Onak eta gaiztoen banaketaren aurrean  oso garrantzitsua da  lesbiana, transexual edo era hegemonikotik at kokatzen diren adierazpen guztiak ikusaraztea. Jendarte mailaketa eta estigmatizazioarekin amaitu beharra dago ezinbestean. Jendartearen irekitasun faltsuaren ideia salatu behar dugu eta horretarako tresnarik eraginkorrena praktika bera da.

Geroz eta ozenagoa da arau nagusitik kanpo kokatzen garenon ahotsa: guraso bakarrak, lesbianak, bi guraso baino gehiagoko haurrak, harreman poligamiakoak dituztenak, ama izatea erabakitzen dugun bikote lesbianak, sexu langile transexuala, praktika sexual koitalak lehentasunezkoak ez ditugunak, lagun familia e.a. guztiek, familia eredu patriarkarraren nagusitasuna ezbaian jartzen dugu. Monogamiari hordagoa bota eta ostantzeko praktika askeak garatzen dituzten norbanakoak ere geroz eta gehiago gara. Sexualitate hegemonikoaren edozein arau haustek, bidean aurrera jarraitzeko ezinbestekoak ditugu: patriarkatuak sortu dituen kategoria hertsiak eta mugatuak gailendu, eta aniztasuna oinarri duen jendarte baten beharra geroz eta ageriagoa da. Zentzu honetan, jendarte feminista baten alde lanean jarraitzeko beharra ikusten dugu, eta honetan herritar orok badugu zer egina.

 
Euskal Herriko Bilgune Feminista, 2012ko ekaina
Irakurketa deskargatzeko: Euskaraz eta gazteleraz.
 

Agenda 10 eurotan SALGAI Agenda 10 eurotan SALGAI