Jaietan bazkari eta afari ederrez, ikuskizun anitzez, harreman berriez, musikaz, jaiaz gozatzeko aukera ezin hobea izaten dugu.
Gozatu: usai berriak, gozoak eta garratzak; dastatu gozo eta garratzak zaizkigun jaki eta edariak, astindu belarriak eta gorputzak musika alai, martxoso eta biziz. Harremandu inguruarekin, ezagun eta ezezagunekin, lagun eta ez hain lagunekin ere; jolasen bidez, dantzan, begiradaz, elkar hitz eginez.
Zaindu: Txaranga, batukada, afariak, bazkariak, kalejirak… jai giroan ere, gure buruak zaintzeko eta gozatzeko aukera izan behar dugu. Jaietan, ordea, herritar guztiak ez dugu berdin parte hartzen, gozatzen: garbigailuak ez dabiltza euren kabuz, ezta lapikoak ere: etxean, elkartean; ahizpek, amek, izebek edota amonek ez dute gozatzeko tarte gehiegirik izaten jaietan. Jaien sostengu diren ekintza, lan guztiak ikusarazi, baloratu eta banatu behar dira.
Eta egiten diren ekimenetan zer nolakoa da herritarren parte-hartzea? Plazetan harri jasotzaileak, aizkolariak, pilotariak, dultzaineroak, txarangak, kontzertuak, zezenak. Gizonak dira ekimenen protagonista eta ikusleen gehiengo ere. (Eta emakumeak?). Gure herrietako jaiak parte-hartzaileago eta parekideago egiteko saiakera feministon ardura soilik ez denez, festen antolatzaile eta herritarren ardura izanik; bide horretan, dauden tresnak, hausnarketa eta baliabideak erabili behar dira.
Gaur egun jaiek eta erritoek, jendarte ordena erreproduzitzen dute, egungo hierarkiak, botere harremanak, diskriminazioak, rol banaketa, emakume eta gizonen irudi idealizatuekin batera. Horregatik deritzogu garrantzitsua, jaietan ere ikuspegi feminista txertatzen joateari eta egun dauden egiturazko zapalkuntza guztiei aurre egingo dion lana egiteari.
Erantzun: Indarkeria sexista izanik emakumeok jasaten dugun zapalkuntza espezifiko nagusia, jaietan, gure herrietan oraindik ematen diren erasoak ekiditeko, salatzeko eta erantzuteko bideak jorratzen segi behar dugula deritzogu.
Festak eduki sinbolikoa duten jendarte eta kultur adierazpenak dira: errealitatearen adierazle kondentsatu modukoak. Jaiek, norbanakoa kolektibora hurbiltzen dute; prozesu honetan jokoan sartzen diren sentsazio eta emozio anitzen bidez. Gure ustez festak bizitzaren erdigunean daude, baloreen munduarekin erabateko lotura dutelako, herriaren nortasuna, jendarte egitura eta hortaz, bertan ematen diren zapalkuntza eta diskriminazioak adierazten dituztelako.
Euskal Herrian aldaketa garaiak bizi ditugu, eta jendartearen eraldaketa bidean, bertako ohiturek ere norabide berdinean joan behar dute. Tradizioa ez baita ezer hertsia, monolitikoa, esentzian oinarrituta; bizirik dagoen zerbait da. Festak gure kultura eta jendartearen beste adierazpen publiko bat dira; pasadizo hutsetatik harago, gure kultura eta jendartearen beste adierazpen publiko bat dira. Beraz, jendartean eman nahi ditugun aldaketak ere gure herriko festetan isla izan behar dute, jaietan ere kultura birsortu eta aldatzeko gaitasuna dugulako.
Guk eraikitakoa guk alda dezakegu. Eta bide horretan, herri jai parekideen aldeko jardunarekin jarraituko dugu aurtengoan ere, bidea fintzen; eta horretarako, orain bi urte sortu genuen EmakumeokPlazara proiektua indartzen jarraituko dugu festa batzordeetan eta koordinadoretan. Eta nola ez, festetan, ematen diren eraso sexistak ekiditeko eta salatzeko bitartekoak jarriko ditugu.
Bitartean, aurten, emakume gehiago izango gara Euskal Herriko plazetan, herri guneetan, txosnetan jaiak askatasunez biziz, gozatuz, dastatuz, usainduz e.a. Gure buruak zainduko ditugu, elkartasuna oinarri izanik eta jaietan izaten diren erasoei erantzungo diegu. Gozatu, zaindu eta erantzun!!! Nik erabaki, nik gozatu!
deskargatu:
kartela eta
irakurketa.
Euskal Herrian, 2012ko ekaina