Indarkeria sexistari aurre egiteko HarremAntxotarrak taldea sortu dute Pasai Antxoko neska gazte batzuek
Pasai Antxoko San Fermin jaiak hurbiltzen ari direla eta, bertako neska gazte batzuek HarremAntxotarrak taldea sortu dute, eraso sexistak prebenitzeko eta herritarren sentsibilizazioan eragiteko. Harreman tailer mistoa antolatu dute ekainaren 30erako.
HarremAntxotarrak-en oharra:
Herri jaietan, parrandan eta jai giroan ere AURRE EGIN indarkeria sexistari!
Pasai Antxoko festak, gure San Ferminak, herritarrontzat oso gertaera garrantzitsuak biltzen dituela jakina da, noski. Besteak beste, arteaz, musikaz edo dantzaz gozatuz ondo pasatzeko eta nola ez, harremanetarako aukera paregabeak pizten zaizkigu; emozioz betetako gertakariak dira, esangura pertsonal, familiar eta sozialak biltzen dituztenak.
Hori guztia kontuan hartuta, jaietan ere, botere harremanak, diskriminazioak, rol banaketa eta emakume eta gizonen irudi idealizatuen erreprodukzioa egiten dugu. Hori dela eta, herriko neska gazte batzuk elkartu gara, emakumeoi gure burua defendatzeko tresna eta bitartekoak eskaintzea helburu hartuta. Hortaz, herri jaietan nahiz parranda giroan ematen diren eraso sexistak prebenitzeko eta herritarren sentsibilizazioan eragiteko, HarremAntxotarrak taldea sortu dugu.
Horretarako, harreman tailer mistoa egingo dugu ekainaren 30ean. Harremanetaz, gozamenaz, sexuetaz, beldurretaz, rolen banaketaz, parte hartzeaz… ariko gara. Ateratako ondorioak kontuan hartuta, jaietan indarkeriarik gabeko gunea antolatuko dugu, erasoak ekiditeko beharrezko diren aholku eta bitartekoez gain, jaietan ederki gozatzeko, errespetuz ondo pasatzeko eta ligoteo sanorako bitartekoak eskaintzeko asmoarekin. Horrekin batera, tailer ezberdinak burutuko ditugu, besteak beste, txapa tailerra, gutako bakoitzak festetarako txapa aldarrikatzailea izan dezan. Jarraian, egunez egun zer, non eta noiz izango den duzue.
Egitaraua
Uztailak 4, asteazkena
• 18:00etan Gunearen irekiera musikarekin, Alamedan
Uztailaik 6, ostirala
• 12:00etan murala egiteko aukera
• Gazte Bazkariaren ostean muralak margotzea
Uztailak 7, larunbata
• 18:00-20:00 bitarte gunea zabalik Alamedan
• 20:00etan kalejira herriko gune ilunetan muralak pegatuz
Uztailak 8, igandea
• 16:00-18:00 bitarte gunea zabalik frontoian
KONPROMISOA HARTU GUZTIOI DAGOKIGUN GOZAMENAREKIN!