sarrerara joan
berriak
2008/10/10

Aurreko ikasturtearen balantzea, euskal jendartearen egoera

Emakumeon bizi baldintza eta eskubideak zalantzan jarriak izaten ari dira beste behin. Parekidetasunarekiko konpromisoa oinarri hartuta, gure borrokaren bidez, historian zehar lortutako espazio eta eskubide urriak ezabatu edota mugatzen ari dira:

Abortu Legea azken urteetan ez bezala azaleratu zen iaz. Nafarroako Gobernu Foralean martxan jarri zen lege proposamenaren eztabaida eta bertatik ateratako lege berriaren formulaziotik ez dugu inolaz ere inongo fruiturik ikusi; jatorrizko legea eta lege proposamen berria ez baitira betetzen. Ondorioz, oraindik orain ezin da abortatu Nafarroan ez osasun publikotik ezta pribatutik ere. EAEn berriz, abortuen %98a klinika pribatuetara desbideratzen da.

Bestalde, duela hilabete batzuk estatu espainolak hainbat emakume euskaldun deitu zituen deklaratzera, besteen artean, emakumeen osasun kliniken inguruan zabaldu zuen kriminalizazio fasean. Estatuaren ekimen honetan osasun sexualaz arduratzen diren kliniken jarduna eta medikuen etika dudan jarria izan da. Ondorioz, emakumeok gure askatasunak gero eta murriztuago ikusten ditugu.

Egun, gobernu espainolak halako eztabaida “berri” bat abiarazi du lege proposamena egiteko asmotan. Proposamen hau osatuko duen taldea profesional eta politikoz osatua dago soilik, ez emakume feministaz. Aitzitik, lehenengo interesatu eta afektatuak garenok geure espazioa izan beharko genuke eztabaida honetan. Halaber talde eta alderdi kontserbadoretatik, abagunea aprobetxatuz, zabaltzen ari diren mezuak guztiz atzerakoiak izateaz gain, laugarren supuesto bat edota plazoen moldatzea bezalako ideiek ez diote emakumearen erabakitzeko askatasunari mugak jarri besterik egiten.

Mugimendu feministaren eskaera historikoa izan den honetan ez dugu atzera pauso bakar bat ere emateko asmorik eta abortuaren izaera libre eta doakoa exijitzen jarraituko dugu.
Emakumeon kontrako eraso sexista, bortxaketa eta erailketek presentzia konstantea izaten jarraitzen dute jendartearen egunerokoan. 2008an dagoeneko 5 emakume erailen eta desagertu baten berri dugu Euskal Herrian. Eraso sexisten eta bortxaketen kasuan, ezinezkoa zaigu datuak biltzea sarritan ez direlako publiko egiten eta salaketarik jartzen ez den kasuak ematen direlako.

Bilgune feministan oso arduratuta gaude emakumeon kontrako eraso zuzen hauekin, ez baita inolako neurri eraginkorrik jartzen martxan berauekin amaitzeko; ez prebentiboak ezta erantzunekoak ere.

Eguneroko berrietan irakurri eta entzuten ditugun albiste anitzek erakusten digutenaren arabera baiezta dezakegu euskal jendartea parekide izatetik oso urrun dagoela. Era berean, oso argi daukagu hezkuntza eta prenbentzioan lan integralik egiten ez den bitartean egoerak larriagotzen jarraituko duela.

Honen adibide gisa, estatu espainolean Lege oso bat onartuta dago emakumeon kontrako indarkeriari aurre egiteko baina emakumeak erailak izaten jarraitzen dute. Beronen hutsune nagusietakoa arazoaren errora ez jotzean datza, sistema patriarkala iraultzera, alegia.

Lege honek emakume eta gizonen arteko harreman hierarkikoekin amaitzeko neurriak hartu eta bide honetan pausoak eman beharrean, kasu bakoitzari era isolatuan erantzuteko neurriak biltzen ditu. Neurriok emakumearengana zuzenduta daude eta beronen askatasunak mugatzen dira, seguratasunaren aitzakiapean. Aldiz, erasotzaileak dira isolatu eta zaintzapean egon beharko luketenak.

Bada baina, horrelako azterketak egiterako orduan kontuan hartzen ez dugun beste elementu bat; jendarteak duen jarrera horrelako jazoerekiko. Guztiok dugun ardurari behingoz heldu eta gure eskuetan dauden neurriak hartu behar genituzke: erasotzaileari bere jokabidearen negatibotasuna garbi azaltzea, espazio komunetan kolektiboki erantzutea, bazterketa soziala praktikan jartzea... edo egunerokoan eraginkor bihurtu daiteken posturak hartzea.

Instituzioek berriz, politikoki zuzenak agintzen duen bezela, erasoen kontrako kanpainak martxan jartzen dituzte inolako oinarririk edota benetako lanik atzetik ez dutela aurpegia garbitzeko xede hutsarekin. Kanpaina hauek, azkenean eman behar duten mezuaren guztiz kontrakoa ematen amaitzen dute eta honen adibide garbitzat har genezake INAIk aurten Nafarroako herri guztietan zabaldu duen kartela, non emakumeen irudi guztiz estereotipatu bat saltzeaz gain, ez duen sexuen arteko harremanetarako ohitura aldaketa bultzatzen. Kanpaina hau lotsagarria eta iraingarria da emakumeon duintasunerako.

Jai espazio eta egunetan erasoei aurre egiteko mila modu egon daitezke, baina ez dugu ikusten instituzioak bide egokia hartzen ari direnik.

Hartutako bide oker hori beste hainbat lege eta neurrietan ere atzeman dezakegu. Espainiar gobernuak orain dela urte eta erdi onartu zuen Zaintza Legeak hutsune nabariak ditu bere helburuetan eta martxan jartzerakoan ere: laguntzak eskatzeko tramitazio bukaezinak, emakume zaintzaileen beharretatik urrun dauden prestazioak... Emakunderen “Gizonduz” kanpaina gizonak inplikatzeari begira eginikoa da eta alde honetatik positiboa deritzogu. Baina ez dugu uste sinadura bilketa batek “intentzio onen deklarazioa” egitetik haratagoko jarrerarik lortuko duenik. Gainera, guztion poltsikoetatik irtendako dirua erabiltzeko Emakundek beste lehentasun batzuk kokatu beharko lituzkeelakoan gaude. Hauen artean, emakumeengandik emakumeontzako martxan jartzen diren hamaika proiektuak eta oraindik ere, emakumeon eta jendartearen beharrizanak asetzera zuzenduta egon beharko luketen mila zerbitzu garatzeari begira egin beharreko inbertsioak.

Lan eskerga dugu gure aurrean sexuen arteko parekidetasuna helburutzat dugun norbanako eta eragileek. Bilgune feministak, gure txikitasunetik, argi daukagu gaur eguneko jendartearen argazkia zein den eta honi aurre egiteko tresnak ere denon eskura jarri nahi ditugu, guztiak norabide berdin batean kokatuak: Emakumeon eskubideen aldeko borrokan. Egunez egun kolpatzen gaituen sistema patriarkal honen aurrean pauso txiki baina sendoz Euskal Herri feministarantz geure bide propioa eraikiko dugu.

Bukatzeko, 2009ko EAEko Hauteskundeen harira eta egon diren filtrazioak oinarritzat hartuta, Eusko Jaurlaritza ohartarazi nahi dugu martxoak 8an hauteskunde eguna konbokatzearen akats izugarriaren inguruan. Azkenean hala izaten bukatzen badu, argi geldituko da gobernu honek emakumeekiko eta gure aldarrikapenekiko duen jarrera, egun hau emakumeon eskubideen aldarrikapen egun historikoa baita, emakumeari portagonismo politikoa ematen zaion egun bakarra.

Euskal Herrian, 2008ko urriaren 10ean
Euskal Herriko bilgune feminista.
<< itzuli