sarrerara joan
berriak
2008/10/22

Bilgune feministak ikasturteko ildoak kokatu ditu

Aurreko ikasturtea oso garrantzitsua izan zen bilgune feministarentzat Euskal Herriko Emakumeen Karta aurkeztu eta IV. Jardunaldi Feministak burutu baitziren.
Emakumeon Karta, Mugimendu Feminista norabidetu eta eragile aurrerakoientzat lan feminista egiteko oinarrizko tresna bihurtu zaigu.
Jardunaldiek berriz, Mugimendu Feministaren argazkia berritu eta lan eremu bateratuak aurkitzeko parada bikaina eskaini ziguten. Honez gain, Emakume Gazteen asanblada burutu eta ikasturte honetarako Emakume Gazteen Topaketak egitea erabakitzeak haize berriak ekarriko dizkio Mugimenduaren erroei eta jendarteari.

Iaz emandako pausoei esker, ikasturte honetan borroka eremuak hobeto definitu eta aurrean ditugun erronkei aurre egiteko formak zehazteko ordua iritsi da. Helburu nagusiak bilgunearen izaerari zuzenki lotuak egoten jarraitzen dute: Emakumeon eskubide formalak erreal bihurtzeko borroka antolatzea, adin, kolore eta pentsaera anitzetako emakumeak aktibatzea eta eskubideen aldeko borrokarako indar metaketaren aldeko pausoak ematea izango dira ikasturte honen oinarrian kokatu ditugunak.

Helburu guzti hauei txapela jartzeko Emakumeon Karta funtsezko elementu jotzen dugu. Horregatik, ikasturte honetan bultzada berezi bat emango diogu gure borroka guztien erreferentzia nagusitzat hartuz; borroka lokaletan, beste eragileekin aurrera eramango ditugunetan eta emakumeok edozein eztabaidatan bete beharreko gutxieneko bezala kokatuta.

Honez gain, Jardunaldietan abiatu zen Mugimenduaren lankidetza eta elkar hartzeari segida emango diogu dinamika feminista bateratuaren bidez. Ikasturteko dinamika bateratua abortuaren despenalizazioaren alde, abortatzeko eskubidean. Iaztik pairatzen ari garen erasoaldiak eta orain gutxi espainiar estatuan gobernuak gaia tratatzeko bultzatu duen batzordeak begiak adi eta ekimenak aurrera ateratzeko prest egotera behartzen gaitu, orain arte borroka luzeen ondorioz lortutako gutxienekoak galtzeko arriskuan baikaude.

Bestalde, emakumeon kontrako indarkeriari aurre egiteko bideetan sakontzeko parada izango dugu ikasturte honetan. Bilguneak Jardunaldietarako aurkeztutako ponentzian (Dokumentuak atalean) markatutako estrategia garatu eta praktikarako oinarriak eztabaidatzeari helduko diogu. Hau da, indarkeriaren prebentzioan eta erantzunean praktika aztertu eta berrituko dugu eztabaidatik abiatuz, autodefentsa feminista zutabetzat hartuta.

Modu berean, aurreko ikasturtean definitu genituen Duintasun Premisak sozializatu eta prekarietatearen aurkako ildo iraunkorra martxan jartzeko lanari ekingo diogu (Egitasmoak atalean).
Prekarietatea gehien sufritzen duten emakume kolektiboekin egon eta elkarlanerako aukerak aztertuko ditugu, martxotik aurrera borroka espezifikoak irekitzeko asmoarekin. Gainera, ezin dugu ahaztu horrenbeste aipatzen ari den krisiak emakumeoi eragingo digula gehien, pobreziak emakume aurpegia baitu. Ekonomiaren gainbeherak lehen genituen baldintza kaxkarrak okerrera egitea ekarriko du.

Sektoreei dagokienez, aurreko urteetan martxan jarritako proiektuak sendotzeko fasean sartu gara. Horrela, Hezkidetza Gida sozializatzen jarraitu eta hezkuntza erakunde zein eragileetatik konpromisoak lortzeko bidean jarriko gara.
Kultura kontzeptuaren eztabaida eman ondoren, hau guztia praktikan nola jarriko dugun pentsatzeko fasean sartu eta egunerokotasunari lotzen saiatuko gara.

Proiektu eta ildo hauek guztiak pixkanaka egiten joan garen Emakumeon Sarearen fruiturik emankorrenak dira, sei urtetako lanak pixkanaka emandakoak. Urtero proiektu berriak martxan jarriz eta aurrekoak sendotuz bilgune feminista garatu eta espazio berrietara heltzeko bideak jorratzen ari gara.
Bide hau denon artean, bakoitzaren ahalmenetik, egiten ari garen bidea da. Horregatik, garrantzitsua deritzogu bide honi dagokion garrantzia aitortu eta bakoitzaren ekarpen ñimiñoena ere kontuan hartzea. Eskerrik asko beraz, gurekin batera bakoitza bere espaziotik bilgunearen proiektua garatzen ari zareten guztioi. Denon artean lortuko dugu Euskal Herri Feminista eraikitzea.

ERRONKA BERRIEI HELDUZ, EUSKAL HERRI FEMINISTARANTZ

<< itzuli