
2008/11/21
Bilgune feministak honokoa adierazi nahi du aurtengo Durangoko Liburu eta Disko Azokako kartelarekin sortutako ika-mikaren hariraKultur eta literatur ekoizpenean emakumeak historian zehar jasan duen diskriminazio eta bereizkeria gainditzea denon ardura da. Guztion borondatea beharrezkoa izango da hau lortzeko eta egia esan aurten Durangoko Liburu eta Disko azoka aurkezteko erabili den kartelak gure ustez ez du asko laguntzen ibilbide honetan. Gerediagak, Euskal Herriko disko eta liburu azokarik garrantzitsuenaren antolatzaile izanik, zeregin horretan funtsezko ekarpena egin dezakeelakoan gaude. Honetarako bilgune feministak azken lau urteetan proposamenak luzatu izan dizkiogu Gerediagari. Aurtengo martxoan ere beraiekin bildu ginen eta beraien urte osoko jardueraren berri aurkeztu zigutenean, jarduera horretan ikuspegi feminista nola txertatu proposamena luzatu genien.Baina azokaren inguruan ateratako kartelaren bidez emakumea berriro ere txapelaren atzean ezkutatu dutela uste dugu. Egunotan Gerediaga elkartearekin harremanetan jarri gara, aukeratutako kartelarekin ezadostasuna adierazteko eta kentzeko eskatuz, baina ezezkoa jaso dugu. Euskal Herri parekide baterako bidean Gerediagak aurrerapausoa eman beharrean atzera pausua eman du emakumeok “ikusezintasun bikoitz”era kondenatuz. Sexuen arteko harreman hierarkikoak dirauten herrian bizi gara eta ondorioz, emakumeon zapalkuntza bizitzaren esparru guztietan ematen da, baita kultura esparruan ere. Emakumeok gizonekin alderatuz, kultur ekoizpenean aritzeko eragozpen espezifikoak ditugu: Sexu bereizketaren ondorioz, emakumeok ez dugu gizonak hainbat denbora arte adierazpenak eta sormena lantzeko, ezta espazio propioa izan edo baliabide ekonomikoak izateko ere. Historikoki, baita gaur egun ere, emakumeok egin ditugun ekarpenak itzalean mantendu dira; eta ez dute merezitako aitortzarik jaso. Horregatik, uste dugu jendartean eztabaida piztu duen kartel hau ez dela kasualitatea, ezta huskeria ere. Euskal Kultura mugitzen duten eskuek eta buruek zein sexu duten garbi uzten digu guri kartel honek. Txapelarekin identifikatu ezinean, txapelaren atzean eta kultur eremutik urrun sentiarazi gaitu nahiz eta kartel egilearen helburua hori ez izan. Parekidetasunean oinarritutako Euskal Herria nahi dugu, emakumezkoen erreferentez josia eta sexuaren arabera oztoporik gabea. Musika eta literaturari dagokionez emakumeok pairatzen dugun desberdintasun egoera gainditzeko eta emakumeen parte hartzea eragozten duten oztopoak gainditzeko garaia da. Bilgune feministatik emakume guztiak animatu nahi ditugu, inoiz baino gehiago, ekimen kultural orotan parte hartzera eta egoera zein ekimen diskriminatzaileen aurrean bere haserrea adieraztera. << itzuli |
|