
2008/06/17
Euskal herriko bilgune feministak ekimena burutu du lesbianen bisibilizazioa bultzatu asmozEgun berezia da ekainak 28a. Lesbianen eta gayen mugimenduak botere heterosexistaren aurka matxinatu ziren eguna. Mugimendu feministako partaideak garen momentutik eta emakume ororen eskubideen alde borrokatzeko konpromisoa hartu dugun momentutik egun honetan kalera ateratzeko beharra dugu. Emakume lesbianok sufritzen dugun ikusezintasuna salatu, gure aukeratzeko eskubidearen alde indarrak bildu eta kalera atera gara, kalea hartu dugu.Kalea gurea ere badelako Donostiako kaleak geureak egin ditugu izenez aldatu eta guretzat adierazgarriak diren bi izeni erreferentzia eginaz: Belunzako katalina eta Oiartzungo Maritxu. Bi emakumeon historia ezkutuan dagoen azaleratu beharreko gertakizun bat gehiago da: 1497an Errege Katolikoek homosexualitatea kondenatzen zuen Pragmatika jarri zuten indarrean. Berehala Donostiako alkateak Catalina de Belunza eta Maricho de Oyarzun atxilotzeko agindua eman zuen, harreman lesbikoak izatearen akusaziopean. Catalinari ondasun guztiak konfiskatu zizkioten eta kartzelara eraman zuten. Neskatoak errugabe zela esaten jarraitzen zuenez, alkateak bi tortura saio agindu zituen, emaitzaren ziurtasuna bermatzeko. Catalinak bereari eutsi zion eta biak errugabetzat jo zituzten. Hori bai, bizitza osorako erbesteratu zituzten, badaezpada. Garai haietan bezalaxe orain ere emakumeok bigarren mailako herritarrak izaten jarraitzen dugu, gure eskubideen alde antolatzen eta borrokatzen jarraitzea beharrezkoa dugu. Azken urteetan eskubide ezberdinen eskuratzea egon dela esan daiteke, ezkontzeko eskubidea edo adopzio eskubidea esaterako. Baina eskubide hauek ez dute gure sexualitatea eta harremanak nahi dugun bezala bizitzeko aukera bermatzen. Sexualitate hegemoniko bakarraren ondorio garbia dugu emakume lesbianon ikusezintasuna. Kaletik gurutzatzen duzun jende guztia, ezagun guztiak, “Denak omen dira printzipioz heterosexualak, kontrakoa demostratzen den arte” dio sinesmen herrikoiak… Eredu heterosexista honekin hautsi eta norberaren sexualitatea ukatu gabe, aukeratzeko eskubidea aldarrikatzen dugu. Aukeratzeko, ordea, emakumeoi oztopo gehiago jartzen dizkigu sexismoak: Publikoan hitza hartzea eta gure sexualitate eta gozamena bizitzea ukatzen zaigulako. Guzti honi gehitu behar diogu lesbianoi jendarteko botere eta influentzi soziala ukatu nahi izatea: egindako ekarpenak errekonozitu, historian izandako presentzia ezkutatu eta abar. Heziketa, kultura zein komunikabideek… transmititzen dizkiguten lesbianen estereotipoek ez dute laguntzen gainera: Itsusia, gaizki zaindua, marmarka dagoen genio txarreko izeba iletsua… gure autoestimuan zuzenean eragiten duten estereotipo faltsuak sortzeaz gain, espazio sozialetik baztertzea areagotzen du. Emakume ezberdinak ulertzeko egon daitezkeen milaka erak errekonozitu behar dira, eta ildo horretan, gure harremanak nola eraiki nahi ditugun aske aukeratu. IDENTITATE EZBERDIN, SEXUALITATE ETA HARREMAN ASKEEN ALDE LESBIANOK KALERA!!! << itzuli |
argazkiak ikusi >> |