sarrerara joan
berriak
2009/02/05

Ikasleek hezkuntza parekidea jasotzeko duten eskubidean guztiok dugun arduraz ohartarazi dute prentsaurrekoan.

Bilgune feministak urteak daramatza hezkuntza hezkidetzaile baten aldeko aldarrikapenaren alde lanean. 2003. urtean Minimoen Taula kaleratu genuen eta duela gutxi Hezkidetza Gida sortu dugu parekidetasunaren bidean hezitzaile eta eragileek pauso praktikoak emateko erronkan laguntzeko.
Hezkuntza sistema sozializaziorako oinarrizko bitartekoa da eta gaur egun dauden ereduak birsortzeko baino, jendartean dauden arazoak gainditu eta jendartea bera eraldatzeko tresna izan behar du, hau da, pertsona aske eta integralak sortu behar ditu eta jendarte justuago bat lortzen lagundu behar du, sexuen arteko eskubide eta aukera berdintasuna bultzatuz.
Zergatik da garrantzitsua ikastetxeetan hezkidetza lantzea? Esan bezala, hezkuntza sistema pertsonen sozializaziorako oinarrizko bitartekoa da, eta beraz, hein handi batean, hezkuntza sistemak eskaintzen dizkien eta bultzatzen dituen eduki, balore, portaera e.a. guztien arabera jokatuko dute gure herriko neska-mutilek etorkizunean. Horregatik da garrantzitsua haurrak txiki-txikitatik hezkidetzan eta neska eta mutilen aukera berdintasunean oinarritutako balioetan heztea.
Guzti honetarako, beharrezkoa dugu hezkuntza sistema hezkidetzagile bat, baina zer ote da hezkidetza? Irizpide sexistak barnebiltzen dituzten gizon eta emakumeei egokitutako rol, balore, portaerak e.a. transmititu gabe heztea da. Pertsona autonomoak izateko, gure bizitza proiektuen jabe izateko, hurbileko inguruarekin elkarbizitzan, behar ditugun gaitasunak garatzea ahalbidetzeko helburuekin. Hezkidetza, kontzientea den prozesu hezitzailea da eta neska eta mutilen arteko aukera berdintasunean oinarritzen da. Pertsonen garapen integrala lortu nahi du, jendarte justuago bat lortzen lagundu behar du, sexuen arteko eskubide eta aukera berdintasuna bultzatuz. Elkartasunean, parekidetasunean eta askatasunean oinarritutako jendartea sortu nahi dugu.
Hau horrela eta matrikulazio garaian gaudela, aipatu nahiko genuke, hezkuntza komunitateak eta baita gainontzeko herritarrok ere ikastetxeek hezkidetza lan dezaten eskatzeko dugun ardura.
Matrikulazio kanpainaren erdian aurkitzen garen honetan, beste behin Bilgune Feministak HEZKIDETZAREN aldeko hautua egiteko deialdia luzatu nahi du. Beharrezkoa baita hezkuntza komunitatean gabiltzanon elkarlana eta konpromisoa hezkidetza errealitate bihur dadin. Euskal Herriko neska eta mutilek parekidetasunean oinarritutako hezkuntza eskubidea dute. Ekin diezaiogun egitasmo hezkidetzaile eta hezkuntza parekideari.
Hezkidetza Gida bide horretan lagungarri izan nahi duen tresna bat baino ez da, denon konpromiso eta lana behar dugu ordea lan honetan. Bilgune Feministatik behintzat, tresna berriak ateratzen eta eskaintzen jarraitzeko konpromisoa hartzen dugu Parekidetasunean oinarritutako Euskal Herria sortzea baitugu erronka eta amets.
HEZKUNTZA HEZKIDETZAILEA GURE ESKUBIDEA!!


<< itzuli