
Emakumeak prekariotasunaren kontraGaur egungo sistema kapitalista aztertzeko unean, beronen izaera patriarkala, sexuen araberako lan banaketa eta ekonomiaren baitan kokatzen den eremu pribatuaren eta honen eraginez sortzen den ekonomi ezkutua ezinbestez kontutan hartu beharreko elementuak dira.Prekarietatea, jendartea esplotatu, zapaldu eta zatitzeko sistema kapitalistaren bitarteko lez kokatu eta ulertzen badugu, argi geratzen da eskubideen murrizketa eragiten duela. Beraz agerikoa da, eskubideen murrizketa, lan baldintzen okertzea eta lan merkatuaren berregituratzea eskutik loturik dauden elementuak direla eta honek emakumeon errealitatean ondorio zehatzak ditu. Emakumea pixkanaka bizitza sozio-politikora gehitzen joan dela ezin daiteke uka, baina benetako parekidetasunaz hitz egin ahal izateko bide luzea geratzen zaigu. Pobreziak emakume aurpegia izaten jarraitzen du. Euskal Herria bezalako nazio batean, ongizate jendarte batean bizi garela ozen esaten den honetan, errealitatea bestelakoa da: bakarrik dauden emakume asko dago Euskal Herrian, zama familiar izugarria duten emakume ugari, bere seme-alabekiko arreta lan egonkor batekin uztartu ezin dutenak … Halaber, emakumeak ez du etxe duin bat izateko aukerarik eta norberaren proiektuak duintasunez garatzeko adina ematen ez duen oinarrizko errenta batekin bizitzea beste erremediorik ez du. Emakumeok historian zehar beti egin dugu lan, etxean eta etxetik kanpo. Emakumeen ekarpena, bai etxeko ekonomiari, bai herrien ekonomiari, errealitate bat izan da, baina ez da inola ere bere neurrian baloratu. Hori da arazoaren funtsa. Lanaren kontzeptu zabala eta anitza lan merkatuan egiten den jarduerara mugatzen da, hots enplegura, eta honek ondorio baztertzaileak ditu. Lan merkatuan burutzen ez diren jarduerei ez zaie balio sozio-ekonomikorik aitortzen eta enplegua ez den lanetan jarduten duten pertsonei ez zaie langile izaera atxikitzen. Beraz, ideologi patriarkalean oinarrizko aldaketarik ez dela eman baieztatu dezakegu. Ideologia hau, azaleko moldetan aldatu da soilik, kapitalismoaren garapenak eskatzen dituen baldintza berrietara egokitzen joan da genero ezberdintasunekiko ahalik eta esplotazio ekonomiko eraginkorrena aurkitzeko. Errealitate honen azterketak erakusten digu estereotipoei dagokienez apenas izan direla aldaketak, eremu ideologikoan emandako aldaketak oso ahulak direla eta aldaketak batik bat legearen atal batean eman direla, nahiz eta jendarte mailan, aldaketa zorrotza edo drastikoa izan denaren sentsazioa egon. Bestalde, arazo berberak intentsitate berberarekin bizitzeko eta ulertzeko emakumea izatea ez dela elementu nahikoa izaten uste dugu. Konponbidea edo irtenbidea bultzatu nahi badugu, eraginkorrak izan daitezkeen lan ildoak erabakitzerakoan, ezin dugu erdibidea aukeratu. Emakumeon beharrak eta errealitate ezberdinak ezagutzea eta aztertzea funtsezkoa iruditzen zaigu. Izan ere, ezberdintasunek duten garrantzia aztertzea eta, besteak beste, belaunaldi bakoitzaren izendatzaile komunak zeintzuk diren identifikatzea premiazkoa zaigu. Horrexegatik adinkako azterketa egitea eta alternatiba espezifikoak eskaintzea funtsezkotzat hartzen dugu. EMAKUMEON DUINTASUNERAKO PREMISAK Edonolako jendarte ereduren zutabe nagusia sistema ekonomiko eta soziala izanik, emakumeon askatasunari bide emango dion Euskal Herria sortu nahi badugu, sexu bereizkerian oinarritutako eredua errotik aldaraztea da gakoa. Euskal Herriko Bilgune Feministak emakumeon bizi baldintzak eraldatzeko eta duintasun sozio-ekonomikorako beharrezkoak ditugun duintasunerako oinarriak identifikatu eta zehaztu nahi ditu. Horretarako DUINTASUNERAKO PREMISAKizeneko lana definitu dugu, jarraian honen laburpena duzularik. a) LANERAKO ESKUBIDEA eta emakumeok ekonomiaren subjektuak kontsideratuak izateko eskubidea oinarri izanik, eratortzen diren aldarrikapenak: 1. LANA KONTZEPTUAREN KONTESTUALIZAZIO BERRIA. Klase eta genero erlazioen artikulazioan sakontzearen beharrak, lana kontzeptua ordaindutako lanetik haratago kokatzen den dimentsio batean kokatzera eramaten gaitu. Ikuspegi feministatik lan kontzeptuaren testuinguru berria eman beharra dugu. 2. NAZIO MAILAKO KONTABILITATE KONTU GUZTIETAN ETXEKO LANAK BARNERATZEA. 3. LAN OROREN ESKUBIDE SOZIALEN AITORTZA ETA SEGURITATE SOZIALAREN ERREGIMEN BEREZIEN DESAGERPENA: • Etxeko lanen errekonozimendu soziala nahiz ekonomikoa. • Ekonomia murgilduaren argitzea. • Genero diskriminatzaileak diren seguritate sozialaren erregimen berezien desagerpena, erregimen orokor baten alde. 4. OSASUNA GENERO PERSPEKTIBA BARNERATUTA DUELARIK. 5. LAN MERKATUAN EMAKUMEON PARTE HARTZEA AUKERA BERDINTASUNEAN: • Pobreziaren mugatik behera geratzen den soldatarik ez dadila egon. • Generoagatik soldata diskriminaziorik ez dadila egon. • Jazarpen sexualaren zigor tipifikatua. • Amatasuna babesteko neurrien sakontzea. • Asteko 35 orduko lanaldia. • Lan-bajarekiko parekoak diren baimen bereziak (ILT) • Menpekoak diren pertsonen zainketarako eta familia mailako larrialdi egoeretan eszedentzia ordaindua. • Ohiko kontratazioa lanaldi osokoa izan dadila. • Denbora partzialeko lanaldia nahi dutenentzat lan poltsa espezifikoa egon dadila. • Langileen hautaketetan genero edo arraza joerarik duen aukeraketa probarik ez erabiltzea. • Ordutegi laboralean etengabeko prestakuntza jasotzeko eskubidea. • Parekidetasun printzipioaren aplikazioa eta diskriminazio eza sustapen profesionalean. b) DIRU SARRERA MINIMOAK IZATEKO ESKUBIDEA. Emakume bakoitzak beharrezkoak dituen prestatzio ekonomiko eta gizarte laguntzak jasotzeko eskubidea oinarri izanik, eratortzen diren aldarrikapenak: 6. Ez da Pobreziaren Mugatik behera kokatutako oinarrizko soldata onartzen duen konbeniorik egon behar. 7. Pobreziaren Mugatik behera geratzen den soldata oro instituzio publikoek osatuko dute pobreziaren mugara heldu arte. 8. Egun dauden prestazio eta laguntza ezberdinak pobreziaren mugara heldu arte instituzio publikoek osatuko dute. 9. Oinarrizko errentaren inguruko lege berri baten arabera ezartzen diren baldintzak betetzen dituen eta diru sarrerarik ez duen emakume orok, pobreziaren mailaren adinako laguntza izango du. 10. Preso dagoen emakume orok pobreziaren mugaren adinako diru laguntza izango du. c) ETXEBIZITZA ESKUBIDEA oinarri izanik, eratortzen diren aldarrikapenak: 11. Etxebizitza eskubide bat da, beraz merkatuaren logikatik eta espekulaziotik kanpo geratu behar du. 12. Instituzioen politikak funtsezko norabide aldaketa bat eman eta jendartearen beharretara egokitu behar du. 13. Administrazio ezberdinen aurrekontuetan diru-kopurua handiagotzea beharrezkoa da. 14. Diru publikoa alokairu sozialeko etxebizitzen zuzeneko promozioa egiteko erabili behar da. 15. Alokairu sozialaren aldeko apustu garbia. 16. Etxebizitza hutsa luxu onartezina da, beraz kontrol neurriak zein zigor neurriak eratzea funtsezkoa da. 17. Lurzoruaren kudeaketak sozialki kontrolatua behar du izan. 18. Okupazioaren aukera eta zilegitasuna (landu) aztertu behar da, zigorra kenduz. 19. Aurrezki kutxek, izaera sozialekoak izanik, Ekintza Sozialerako dirua alokairu sozialeko etxebizitzen parkera bideratu behar dute. 20. Etxebizitzaren aldeko elkartasun fiskala garatu. d) ESKUBIDE SOZIALAK oinarri izanik, eratortzen diren aldarrikapenak: 21. Erantzukizun publikoa duen zerbitzu sozialen euskal sistema ezartzea. 22. Genero ikuspegia barneratzen duten aurrekontu parte hartzaileak bermatzea. 23. 0 urtetik aurrerako hezkuntza integrala. 24. Osasungintza integrala. 25. Bazterketa soziala ekidin. 26. Elkarbizitza unitate eredu ezberdin guztiek aukera berberak izatea. 27. Baliabide eta laguntza sozialen inguruko informazioa, balorazioa, orientazioa eta bitartekaritza. 28. Arrisku sozio-ekonomikoan dauden kolektiboentzat mecanismo espezifikoak. 29. Pertsona ororen zainketa integrala bermatzeko mekanismoak. 30. Garapen komunitariorako bitartekoak. Esku artean duzun lana ez da aldarrikapen zerrenda itxia ezta estatikoa ere. Gure asmoa lan hau ahalik eta gehien kontrastatzea, aberastea eta sozializatzea da. Duintasunerako Premisak lan tresna bilakatzea nahi dugu, tresna praktikoa eta integrala. Emakumeok pairatzen ditugun errealitate ezberdinak identifikatu eta horren aurrean Duintasunerako Premisak baliatu egoerari aurre egiteko. Horretarako, problematika sozialak aktibatzea ezinbestekoa da, egiturazko arazoak ikustaraziz. Ezin dugu etsi, ezta gure egoera prekario hau onartu ere. Emakumeon arteko aliantza sustatzeko eta borroka mekanismo berriak sortzeko tresna izatea dugu helburu. Halaber, norbanakoena guztiona bilakatuko duen eta bereizkeriak dakarren arazo soziala ikustaraziko duen kontzientziatze lana garatu ahal izateko, borroka ideologikorako tresna bat izan dadin ere nahi dugu. Azken finean, emakumeontzako tresna izatea asmo dugu. Prekariotasunaren kontrako borroka eta, bereziki, emakumeok jasaten dugun prekariotasunaren aurkako borroka, egiturazko borroka politikoa da, Euskal Herriak pairatzen dituen ukazioak, herri gisako aitortza ezak eta administrazio zatiketak areagotzen dutena. Euskal Herrirako eta euskal emakumeontzat errealitate berri bat nahi dugu. Emakumeon askatasuna bermatuko den errealitate berri bat, non dagozkigun eskubideak aitortuak izan eta garatzeko mekanismoak ezarri daitezen. Errealitate hau zor zaigu eta borrokan jarraituko dugu lortu arte. << itzuli |
|